Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak 2022-2024 aldirako Euskal Hezkuntza Sistemaren Eraldaketa Digitalerako Plana aurkeztu zuen joan den apirilaren 29an Bilbon. Plan horretan 202,6 milioi euroko inbertsioa egingo du Hezkuntza Sailak 2022-2024, aldi horretako hiru urteetan. Sailburuarekin batera aurkezpen ekitaldian parte hartzaile izan ziren Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordea, Jorge Arevalo Lanbide Heziketako sailburuordea eta Adolfo Morais Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordea.
Ikaslea erdigunean
Plan berria berrikuntza pedagogikorako palanka egingo duen esparru berri bat sustatzeko asmoarekin sortu da. Horrela, trebetasun digitalen garapena indartuko du, hezkuntza-sisteman teknologiak eraginkortasunez eta era optimoan erabiliz. Ikasleak ikaskuntza-prozesuaren erdigunean kokatzen ditu, aro digitalean beren potentzial guztia gara dezaten hauek. Horregatik, planak dituen helburuen artean ikasleen zein irakasleen trebetasun digitalak sustatzea dago. Ezinbesteko urratsa da, azken finean, euskal ikasleek mende honetako erronkei arrakastaz aurre egin diezaieten.
Hezkuntza-sistema guztia aro digitalera egokitzea da plan berriaren lehentasuna, etapa guztietan. Baina hezkuntza-sistemaren eraldaketa honek dakarren erronka ez da pedagogian bakarrik gertatzen, baita lanaren antolaketan, azpiegituretan eta gobernantzan ere. Testuinguru horretan, esperimentazioak eta ingurune digitalen erabilerak bultzatuta egin behar da eraldaketa, praktika pedagogikoak hobetzeko.
Eraldaketa Digitalerako Planaren arabera, eraldaketa hori erronka bat da, eta kolektiboki heldu behar zaio, honako helburu orokor hauek hartuta:
- Euskal Hezkuntza Sistemaren eraldaketa bultzatzea, teknologia digitalen erabilera edo aplikazioa integratuko duen eredu berritu baten bidez.
- Irakasleen eta ikasleen gaitasunak indartzea, ahalmen digitala aprobetxatzeko eta ahalmen hori irakaskuntzan eta ikaskuntzan txertatzeko.
- Hezkuntza-sistemako eragile guztien arteko lankidetza sustatzea, eraldaketa digitalak dakartzan erronkei aurre egiteko.
- Azpiegiturak egokitzeko eta modernizatzeko bide egitea, era horretan ikastetxeak arinagoak izan daitezen eta guztiontzako konektibitatea, segurtasuna eta irisgarritasuna bermatzeko.
- Teknologia digitalen erabilera arduratsua sustatzea, egon daitezkeen arrakala digitalak saihesteko eta garapen jasangarria bultzatzeko, 2030 Agendaren ildotik.
Aurrez esandako guztia oinarrizko hiru dimentsiotatik jorratzen da:
- • Pertsonez arduratzen den dimentsioa, profesionalen eta ikasleen trebakuntza indartzeko.
- • Dimentsio teknologikoak azpiegituraz eta tresnaz hornituko ditu ikastetxeak, kalitatezko prestakuntza-prozesua eta bikaintasuneko ikerketa errazteko.
- • Sistema osoa barne hartzen duen dimentsioa, eraldaketa digitalaren plangintza bultzatuz euskal hezkuntza-sisteman, haur-hezkuntzatik unibertsitateraino, Zientzia eta Unibertsitateak biltzen dituen sareari ere erantzunez.