Curriculum berriak: jauzi kulitatiboa konpetentzien bidezko ikaskuntzan (I)

n770_pedrosa_curriculum0

Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordeak, Eugenio Jimenez Ikastetxe eta Plangintza zuzendariarekin batera, Hezkuntza Saila datorren 2022-2023 ikasturterako atontzen ari den curriculum berrien ezaugarri eta berritasun nagusiak azaldu zituen apirilaren 4an Bilbon. Curriculum hauek Haur Hezkuntzarako, Lehen Hezkuntzarako, BDHrako eta Batxilergorako izango dira. Ministerioak oraindik Errege Dekretu guztiak argitaratu ez baditu ere, Hezkuntza Sailak osaturiko lantaldeak ia urtea darama curriculumak prestatzeko lanean. Hezkuntza Sailak egiten duen proposamenaren inguruko funtsezko informazio guztia azaldu zaie dagoeneko ikastetxeei, datorren ikasturtea albait arinen antolatu ahal izan dezaten.

Aldaketa hauek datorren 2022-2023 ikasturtean hasiko dira aplikatzen, etapa bakoitzeko maila bakoitietan (hau da, Lehen Hezkuntzako 1., 3. eta 5. mailetan; DBHko 1. eta 3. mailetan, eta Batxilergoko lehen mailan), hurrengo ikasturtean (2023-2024) gainerako mailetara zabaltzeko.

Prozesu honek aukera ematen du ikaskuntza esanguratsuago batean lan egiten jarraitzeko eta irakasleak erronka berri honen aurrean prestatzeko.

Konpetentzien araberako ikaskuntza

Curriculum berria urrats kualitatiboa da Euskal Hezkuntza Sisteman azken urteotan garatzen ari den konpetentzien araberako ikaskuntzan. Ikastetxeei dei egiten zaie, pixkana-pixkana, eremuetan antolatutako lana ezar dezaten (ikasgaika edo arloka beharrean), bereziki Lehen Hezkuntzan eta DBHko lehen zikloan. Ikuspegi berri horrek ikasturte bakoitzean lantzen diren arloak edo ikasgaiak elkarrekin lotzen ditu. Irakasgaiak batera eta diziplinartekotasunez lantzea dakar, ikuspegi globalarekin; eredu praktikoago baten eta prestakuntza-ebaluazio baten aldeko apustua egiten da.

Horrela, konpetentzien araberako ikaskuntzari bultzada ematen dion curriculum-garapen berri honekin, helburua ikasleen irteera-profila bermatzea da. Horretarako, gaitasun sozialak, pertsonalak eta akademikoak batuko dituzte. Irteera-profilak berekin dakar ikasleek eskuratutako ikaskuntzak mobilizatzen jakitea, bizitzan zehar izango dituzten erronka guztiei erantzuteko, bai esparru pertsonalean, familiarrean, sozialean, akademikoan eta profesionalean.

Helburu horiekin bat etorriz, Sailak egiten duen ikasgaien proposamena orokorra da, eta aukerako ikasgaiei dagokienez, ikastetxeek osatu ahal izango dute, autonomia handiagoa emanez curriculum aldetik, baina baita pedagogia eta antolakuntza aldetik ere.

Beste ezaugarri garrantzitsu bat, bereziki DBHrako eta Batxilergorako, curriculum berriek proposatzen duten aukerako ikasgaien eskaintza zabala da. Horri esker, ikasleek hobeto aukeratu ahal izango dute beren ibilbide akademikoa, beren interesekin eta etorkizuneko ibilbide akademikoarekin bat datorrena. Hau da, ikasleek beren eskola-ibilbidea taxutu ahal izango dute.

Curriculum berriak, gainera, tutorearen figurak tradizionalki izan duen garrantzia berreskuratzen du. Hezkuntza Sailaren hezkuntza-proiektua, neurri handi batean, ikasleen ongizatea bermatzean oinarritzen da, eta helburu hori funtsean tutorearen figura horren bidez bermatzen da.

Ikaslea erdigunean

Curriculum hauen diseinua gidatu duten printzipioak azaltzerakoan, Pedrosa sailburuordeak ikaskuntza funtzionalean eragiteko nahia azpimarratu du, “ikaslea erdigunean jarriko duen hezkuntza eredua”.

“Proposatzen dugun aldaketa hori hemendik etorkizunera begira aurreikusten dugun gizartearen arabera definitu da. Anitzagoa izango den gizartea, globalizatua, aldaketa nabarmenak gertatuko dira bizitzaren arlo guztietan, profesionalak zein pertsonalak. Berez, gertatzen ari dira momentu honetan. Pandemia bat, gerra bat… aldakorra eta ezegonkorra izango da, hiperkonektatua… Eta esparru guztiak teknologizatu eta digitalizatuko dira, horregatik herritar kritikoagoak eta gizatiarragoak beharko dira. Konponbideak eraldaketa sozialaren ikuspegitik bilatzeko gai izango diren pertsonak hezi nahi ditugu, berdintasun eta justizia sozialean oinarrituta. Jakina, dagokien arloetarako behar bezala prestatuak joango diren pertsonak eta, era berean, gure komunitatea berritzeko ekimena eta begirada etikoa dutenak”.

Horiekin batera, “eskola malguagoa” ere badute helburu curriculum berriek. “Malgua egituretan eta antolaketan, eta ikasteko modu eta interesetara egokitua”, argitu du sailburuordeak.

Prozesu parte-hartzailea

2021 erdialdean, curriculuma atontzen hasteko taldeak eratu ziren: talde iraunkorra, funtsezko konpetentzien taldea eta curriculum arloko taldea. Guztira 58 pertsona hiru talde horietan, Hezkuntza Saileko arduradunak, Ikuskaritzako ordezkariak, ISEI-IVEIkoak, irakasleak eta Berritzeguneetako aholkulariak.

2021eko irailean, curriculuma eratzeko eta zabaltzeko prozesu parte-hartzailean hasi zen. Hilabete hartan bertan, konpetentziei eta ebaluazioari buruzko jardunaldiak egin ziren, 750 parte-hartzaile ingururekin. Urte amaieran sei parte-hartze saio egin ziren 235 ikastetxerekin. Saio horiei, ondoren euskal unibertsitate-sistemako irakasleei edo beste hezkuntza-eragile batzuei zuzendutakoak gehitu zitzaizkien, hala nola Ikuskaritza, zuzendarien elkarteak, itunpeko ikastetxeetako patronalak, Berritzeguneak eta ospe handiko beste eragile batzuk.

Horrekin guztiarekin batera, irakasleen prestakuntza-prozesu bat egin da, honako helburu hauekin: curriculuma gidatzen duten printzipioak ezagutzea; curriculum-diseinua bera inplementatzen laguntzea, eta jardunbide egokiak, horien oinarriak eta ikaskuntza-egoerak diseinatzen ikastea.

Horrekin guztiarekin batera, irakasleak prestatzeko prozesu bat egin da, honako helburu hauekin: curriculuma gidatzen duten printzipioak ezagutzea; curriculum-diseinua bera inplementatzen laguntzea, eta jardunbide egokiak eta horien oinarriak ezagutzea eta trukatzea.

Ez da hutsetik hasi; esparru honek aurretik abiatutako aldaketetan sakontzen laguntzen du, eta, batez ere, ikastetxeak partaide egitea eta laguntza kontestualizatuagoa ematea bilatzen da. Orain arte 2.000 profesional baino gehiagok parte hartu dute.

Moduluei eta prestakuntza-jarduerei dagokienez, funtsezko alderdi hauek nabarmentzen dira: irakasleen elkarlaneko prestakuntza, lidergo pedagogikoa, aldaketa metodologikoa, baterako irakaskuntza, eskola-plangintza, eremu emozionala eta prestakuntza-ebaluazioa.