Enplegagarritasun ona LHn, pandemia izan arren

BBK-Hetel 01

COVID-19ak eragindako pandemia eta haren ondorioak sektore ekonomiko guztietan eragiten ari dira. Beren ikasketak 2019-2020 ikasturtean amaitu dituzten ikasleak izan dira talde kaltetuenetako bat enplegua bilatzeko orduan. Krisialdi betean murgildutako egoera ekonomiko honetan, 2020ko martxotik Euskadin oso ohikoak izan dira langabezia eta ABEEak. Hala eta guztiz ere, beren heziketa-zikloak (oinarrizkoak, erdi-mailakoak eta goi-mailakoak) 2019-2020 ikasturtean HETELeko ikastetxeetan amaitu dituzten ikasleen enplegagarritasuna  % 66ra iritsi da. Goi-mailako zikloetan, laneratze-ehunekoa zertxobait handiagoa da: % 67koa. Indize hori % 77ra igotzen da modalitate duala egin dutenen kasuan, eta ia % 100era iristen da industria-modalitatean.

Datu horiek ondorioztatu dira ‘HETELen ikastetxeetako heziketa-zikloetako lan-egoera, 2019-2020’ txostenetik. Txosten hori HETELek egin du, Euskadiko Lanbide Heziketako Abantean Ikastetxeen Elkarteak Euskadin dituen 26 ikastetxeetako 24tan (19 lanbide-arlo hartzen dituzte barne). Txostena BBKren laguntzari esker egin ahal izan da, erakunde horrek gazteenen laneratzearen alde egindako apustuari esker. Bi erakundeek, zehazki Julen Elgeta HETELeko lehendakariak eta Oihane Aldayturriaga BBK-ko Talentuaren eta ekintzailetzaren arduradunak, txostena aurkeztu dute gaur prentsaurrekoan. Txostena burutzeko, azarotik abendura bitartean telefono bidezko 2.200 inkesta baino gehiago egin dira beren ikasketak joan den urteko ekainean amaitu zituzten ikasleen artean, hau da, beren heziketa-zikloak amaitu eta sei hilabetera. Oso txosten baliagarria da, ez Euskal Lanbide Heziketarentzat eta HETELentzat bakarrik, ikastetxe parte-hartzaile guztientzat baizik. Izan ere, eta Elgetak berak dioenez, “etorkizunerako erabakiak hartzeko gako estrategikoak ematen dizkie, lanbide-familia bakoitzaren eskaera eta enplegagarritasuna azter baititzakete, baita enplegua bilatzeko aukera gehien edo gutxien eskaintzen duten edo emakumeek gehien eta gutxien eskatzen dituzten heziketa-zikloak ere, besteak beste”. Datu horiek BBKren laguntzari eta konfiantzari esker lortu ahal izan dira.

LH maskulinizatua

HETELen ikastetxeetan, Euskadiko Lanbide Heziketako gainerako ikastetxeetan gertatzen den bezala, gazteek, eta bereziki mutilek, izaera industrialeko zikloak eskatzen jarraitzen dute. Hala, industria-alorrekoak dira eskaintzaren zatirik handiena osatzen duten heziketa-zikloak, gazteen aldetik eskaera gehien dutenak. Azterketatik ondoriozta daitekeenez, HETELeko eta, beraz, Euskadiko Lanbide Heziketa oso maskulinizatuta dago; % 35 bakarrik dira neskak, eta ehunekoak oso antzekoak dira hiru prestakuntza-mailetan (oinarrizkoan, erdi-mailakoan eta goi-mailakoan). Dena den, ehuneko hori parekatu egiten da zerbitzuetako zikloetan: % 46 gizonak dira eta % 54 emakumeak. Hala ere, zerbitzuen LHko eskaintza hori oso txikia da HETELen ikastetxeen eskaintzan.

Laneratzea

HETELeko industria-zikloen laneratzea  % 68koa da, eta zerbitzuetako zikloetan, berriz, % 63koa; horrenbestez, enplegagarritasuna % 66koa da batez beste. Gainera, egindako ikasketen eta lanaren arteko batez besteko balioa % 75ekoa da. “Oso balio ona da, enpresetako lanpostu gehienak nola garatu behar izan diren kontuan hartuta: telelana, funtzioen berrantolaketa edo birkonfigurazioa…”, adierazi du Julen Elgeta HETELeko lehendakariak. Txostenaren arabera, Gipuzkoan Bizkaian baino handiagoa da laneratzea, % 80,7koa, hain zuzen ere. HETELen arabera, horrek esan nahi du “enpresen portaera orokorra arinagoa eta eraginkorragoa izan dela krisi ekonomikoari aurre egiteko orduan”. Datu horrek are gehiago indartzen du Bizkaiko HETEL enpresaren bitartekaritza-zerbitzuaren premia eta garrantzia, ahaleginak bateratu eta laneratze hori hobetzen saiatzeko. Horixe da orain BBKren lankidetzarekin sustatu nahi dena: “hurrengo urtean datu hobeak izateko egingo dugu lan”, iragarri du HETELeko lehendakariak.

Elgetak azaldu duenez, “kontuan izan behar da laneratzeari buruzko datu horiek pandemiaren ondorioz sortutako krisi ekonomikoaren testuinguruan eman direla. Horrek Euskadiko LHaren eta, bereziki, HETELen balio erantsia ematen die aurkeztutako laneratzeari buruzko datuei, eta, une zail hauetan, ekarpen garrantzitsua egin diezaieke euskal enpresei”.

Zehazki, ikasle agiridun gehien dituzten HETELen heziketa-zikloak industria-alorrekoak dira, hala nola automatizazioa eta robotika industriala, fabrikazio mekanikoko produkzioaren programazioa, fabrikazio mekanikoko produkzioaren programazioa edo mekatronika industriala. Emakumeei dagokienez, industria-zikloak egiten dituztenen ehunekoak pixkanaka gora egin arren, % 10 ingurukoa da oraindik.