Eraldaketa digitala hezkuntzan (II)

Bildarratz_eraldaketa_digitala__37_

1. HAUR HEZKUNTZA,  LEHEN HEZKUNTZA DBH ETA BATXILERGO ETAPETAN

Teknologia digitalak sartuko dira ikastetxeetako irakaskuntza, ikaskuntza eta ebaluazio-prozesuetan.

  • Horrela, irakasleen gaitasun tekno-pedagogikoak landuko dira eta ikasleak digitalki gaitua izatea bilatuko da.
  • Hezkuntza-komunitateentzako lidergo digitalean ere esku hartuko da, eta erronka digitalekin lerrokatutako azpiegituren alde egingo da.
  • Gainera, Eraldaketa Digitaleko esperientzia aurreratuak hartuko dira gaitasun handiko zentroetan.
  • Ekintza zehatz batzuk:
    • Digitalizazio-talde indartu bat sortzea erronkei erantzuteko.
    • Estrategia digitala bultzatzea ikastetxe guztietan. Zentroko proiektu digitala garatzeko prestakuntza eta orientazioa.
    • Irakasleen gaitasunetara egokitutako prestakuntza-ibilbideak diseinatzea eta ezartzea.
    • Ikastetxeetan aholkulari digitalen sarea aktibatzea, aholkularitza tekno-pedagogikoaren funtzioa beteko baitute.
    • Material pedagogiko digitalak sortzea. Lizentziak eta material propioak.
    • Lehen Hezkuntzako 5. mailatik aurrera gailuak jartzea ikasle guztientzat. Baita Lehen Hezkuntzako 1. mailatik 4. mailara bitarteko irakasleentzat ere.
    • Ikasgela eta espazio digitalizatuak diseinatzea.

2. LANBIDE HEZIKETAN

  • Eraldaketa digitalak bilakaera berri bat ekarriko du Lanbide Heziketara, eraldaketa disruptiboan oinarriturikoa; prestakuntza aurreratuko eredu berri bat, ikastetxeetako antolaketa eta egitura desberdinekin, espazio berriekin eta ingurune digitaletan aplikatutako sistema adimendunekin.
  • Ekintza zehatz batzuk:
    • Heldutasun digitaleko eredu bat garatzea, barne hartuko dituena azpiegitura berriak, teknologia digitalen erabilera aurreratuan gaitasun berriak eta errendimendu handiko ikaskuntzen garapena.
    • Irakasleen eta ikasleen prestakuntza digitala.
    • Azpiegitura digitalak eraldatzea (azken belaunaldiko ekipoak, 5G, Wifi 6…).
    • Teknologia digital aurreratuak ezartzea (murgiltze teknologia digitalak eta interaktiboak).
    • Eraldaketa digitalean ikasteko espazio berriak.

3. UNIBERTSITATE EKOSISTEMAN

  • Lehentasuna enplegagarritasunak eskatzen dituen gaitasunak sortzeari, irakasten dena birpentsatzeko irekitasuna izateari eta teknologiak hezkuntzan eta zientzian mugak gainditzeko ahalmena duela aitortzeari.
  • Ikasleen gaikuntza digitala, unibertsitateko ikasleen artean ekitatea eta aukera-berdintasuna bermatuz.
  • Zientzia Irekia bultzatzea, emaitzen eta baliabideen eskuragarritasuna hobetuz, baliabide bibliografikoak barne, zientzia hobea eta maila globalean eskuragarriagoa sortzen laguntzeko helburuarekin.
  •  Ekimen nagusiak:
    • Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitate guztiek izango dute beren Eraldaketa Digitalerako Plana.
    • Konektibitatea eta ikasteko ingurune birtualak bultzatzea; I2Basque datu-sarea berritzea, barnearekiko eta kanpoarekiko konektagarritasuna bermatzeko
    • Ikasle zaurgarrientzako baliabide teknologikoak eskuratzea.
    • Superkonputazio-zerbitzuak indartzea, baliabide-autonomia sendotzeko, euskal ikerketa-komunitate osoari zuzendutako HPC Poloa (High Performance Computing Euskadi) sortuz.

Euskadi eraldaketa digitalaren testuinguruan

Ekonomia eta Gizarte Digitalen Indizearen 2020ko edizioak Eraldaketa Digitalaren joera positiboa erakusten du Euskadin, berau osatzen duten bost dimentsioetan: konektibitatea, giza kapitala, Interneteko zerbitzuen erabilera, teknologia digitalaren integrazioa eta zerbitzu publiko digitalak.

Oro har, Euskadi Europako batez bestekoa baino ia ehuneko hamar puntu gorago dago, eta Estatuko batez bestekoa baino lau puntu gorago. Alemania, Frantzia edo Austria bezalako herrialdeen aurretik dago. Euskadi da, gainera, ikasgeletan ordenagailu gehien dituen autonomia-erkidegoa, batez beste ordenagailu bakoitzeko 1,5 ikasle baititu.

160.000 ordenagailu bi ikasturtean

Azken bi ikasturte hauetan, Hezkuntza Sailak ordenagailu eramangarri berriz hornitu ditu ikastetxeak, Lehen Hezkuntzako 5. maila eta Batxilergoko 2. maila arteko ikastetxe publikoetako ikasle guztiek ordenagailu bana izan dezaten. Sare publikorako erositako 100.000 ekipo berri izan dira. Horiei, itunpeko sarean 60.000 ordenagailu erosteko eman diren diru-laguntzak gehitu behar zaizkie, Lehen Hezkuntzako 5. mailatik Batxilergora arte erabiltzeko azken hauek ere.

Prozesu horretan, halaber, ordenagailu eramangarri bana ipini zaie Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako, DBHko eta Batxilergoko irakasleei, eta urte honetan eta hurrengoan Lehen Hezkuntzako lehen lau mailetako gainerako irakasleei ere emango zaie.

Ikastetxe publikoetako ekipamendu digitala ugaritzeko eta eguneratzeko ildo beretik, azken urte hauetan Sailak 65 eta 75 hazbeteko 2.000 pantaila interaktibo erosi eta banatu ditu ikastetxeetara (Lehen Hezkuntzako 5. mailatik aurrerako ikasgeletarako), eta, laster, Lehen Hezkuntzako 1. eta 4. maila bitartekoko gela guztiak ere ekipo horiekin hornitzea aurreikusten da.

Azkenik, ikasgela eta gune digitalizatuak diseinatzeko zereginean jarraituz, aurten mahai gaineko ordenagailu berriak, sabaiko web-kamerak eta mikrofonoak eta entzungailuak erosteko lizitazioa egingo du Hezkuntza Sailak, datorren urtean Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako, DBHko eta Batxilergoko gela guztiak ekipamendu horiekin hornitzen hasteko.