MU eta LABORAL Kutxa, talentu gazteen bila

Screenshot_20231030_094611_Photos

Mondragon Unibertsitateak eta LABORAL Kutxak talentu gazteak trebatzeko eta erakartzeko hitzarmena sinatu dute.

Mondragon Unibertsitateak eta LABORAL Kutxak talentu gazteak erakartzeko lankidetza-hitzarmena sinatu dute, haien enplegagarritasuna hobetu eta ekintzailetza-gaitasuna sustatzeko. Hitzarmenaren ondorioz, finantza-erakundeak LABORAL Kutxa Ikasgela izeneko espazioak jarriko ditu martxan Mondragon Unibertsitatearen instalazioetan. Ikasgela bat Bilbon egongo da, eta bestea, Arrasaten, eta, haietan, ikasleek proiektuak garatuko dituzte datu-teknologiaren, datu-analisiaren, garapen teknologikoaren eta kontsumorako finantzaketaren alorretan, besteak beste. Bi erakundeek berrikuntzaren, ekintzailetzaren eta talentuaren arloetan lankidetzan aritzeko 2021ean sinatutako esparru-akordioaren barruan dago hitzarmena.

Honako hauek sinatu dute hitzarmena: Carlos Garcíak, Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko koordinatzaile nagusiak; Lander Belokik, Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultateko dekanoak, eta Nuria Agirrek, LABORAL Kutxako Gestio Sozialeko zuzendariak.

  • Garapen teknologikoko eta datu-analisiko proiektuak

Lehen urtean, Arrasateko LABORAL Kutxa Ikasgelako ingeniaritzako ikasleek datu-teknologiaren, garapen teknologikoaren eta altxortegiaren alorretako soluzioak garatuko dituzte. Bestalde, Bilbao AS Fabrik campuseko LABORAL Kutxa Ikasgelan sartzen diren Enpresagintza Fakultateko ikasleek datu-analisiaren eta kontsumorako finantzaketaren alorretako proiektuak garatuko dituzte.

LABORAL Kutxarentzat oso garrantzitsua da entitatean integratzeko gai diren talentu gazteak erakartzea. Hori dela eta, kanpoko praktika akademikoak sustatuko ditu (besteak beste, ikasketak eta lana txandakatzea, gradu-amaierako lanak eta master-amaierako lanak), ikasleek prestakuntza akademikoan ikasitakoa aplikatu eta osa dezaten, eta beharrezko trebetasunak lor ditzaten, lanbide-jarduerarako prestatzeko, enplegagarritasuna hobetzeko eta ekintzailetza-gaitasuna sustatzeko.

Orain urte batzuk bi erakundeen artean berrikuntza, ekintzailetza, talentua eta beste arlo batzuk bultzatu eta garatzeko hasitako lankidetza finkatzen du hitzarmenak.